•
"Recycling Top" Cementos Rezolan, isurpenetan neutroa izango den hormigoiari buruzko proiektua ezagutzen
Gipuzkoako birziklatze eta berrerabilpenaren sektoreko ehuna osatzen duten hogei enpresa, elkarte, fundazio, unibertsitate, teknologia zentro eta ingurumen aholkularitza elkartu dira Cementos Rezola-HeidelbergCement Group enpresaren instalazioetan, lehengai eta erregai alternatiboak erabiliz CO2 isuriak murrizteko abian jarri duten jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoaren estrategia ezagutzeko.
Gipuzkoa da lehen lurraldea enpresekiko eta industriarekiko konpromiso ekonomikoa hartzen, ekonomiaren deskarbonizazioaren eta neutraltasun klimatikoaren lidergoan, eta neutraltasun klimatikoa lortzen, departamentuak Gipuzkoako 30 enpresaren karbono aztarna kalkulatzeko eta murrizteko inbertitu dituen 175.000 euroen bidez.
Naturklimako zuzendari David Zabala izan da Gipuzkoako Berrerabilpenaren eta Birziklapenaren Sektoreko "Recycling Top" izeneko topaketa honetako buru. Bertan, ‘GK Recycling’ Birziklapenaren Klusterra osatzen duten enpresak sakon ezagutu nahi izan dira, klusterreko kideen ekoizpen instalazioetara bisitak eginez. Bisita horietan, jarduera prozesuen eta arrakasta kasuen berri eman zaie parte hartzaileei, eta Gipuzkoako Ekonomia Zirkularreko esperientzia arrakastatsuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute, gauzatu dituzten pertsonen eta enpresen eskutik zuzen-zuzenean.
Jardunaldi honetan, Cementos Rezola enpresak jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa lortzeko abian dituen estrategia eta jarduera nagusiak ezagutarazi dira, hala nola bere jarduerarako behar dituen baliabideak hobetzea, hondakinen aprobetxamendu material eta energetiko hobea eskuratzeko. Rezolaren helburu nagusia da CO2 isurketak murriztea, ordezko lehengaiak eta erregai erabiliz.
Naturklimako zuzendari David Zabalak azpimarratu duenez, “zementua fabrikatzeak mundu osoko berotegi efektuko gasen % 8 sortzen du, eta Cementos Rezolak bere jarduera eta produktuen karbono aztarna murrizteko eta 2050. urterako karbonoan neutroa den zementua merkaturatzeko egindako apustu eta asmo sendoa eredugarria da erabat”.
Lantegia Añorga auzoan dago duela 150 urte baino gehiagotik, eta etengabeko bilakaera izan du. Gaur egun, Europa mailako kalitate ziurtagiri eta ingurumen kudeaketa zorrotzenak lortu ditu, eta zementu mota ugari ekoizteko gai da, merkatuko berritzaileenetako batzuk barne.
Cementos Rezola-HeidelbergCement Group enpresak 2050ean neutraltasun karbonikoa lortzeko konpromisoa du. CO2 isurpenetan neutroa izango den hormigoia sortzea du helburu, eta, horretarako, ezinbestekoa da berrikuntza eta irtenbide jasangarri berriak bilatzea.
Zabalak gaineratu duenez, “funtsezkoa da horrelako enpresek apustu horiek egitea, hormigoia baita gehien erabiltzen den materialetako bat, eta funtsezkoa baita hormigoia deskarbonizatzea, eraikuntza erresilientearen erronkei aurre egiteko eta ingurumena errespetatzen duten hiriak eta gizarteak bultzatzeko”.
Jardunaldian Gipuzkoako birziklapenaren eta berrerabileraren sektoreko ehuna osatzen duten hogei enpresa, elkarte, fundazio, unibertsitate, teknologia zentro eta ingurumen aholkularitzak parte hartu dute.
- Enpresak: Arregi Etxabe Juan José, Asfaltia, Balab Factory, Ekogras, Ekomodo, Ekotrade, Euskabea, Jolas, Kafea ECO, Oregur, Orloga, Plastigaur eta Sutargi.
- Ingurumen aholkularitzak: Asmatu, Grupo GISMA, KNG Group eta Sinnple.
- Unibertsitateak: CEIT IKT eta Mondragon Unibertsitatea.
- Erakunde eta fundazioak: Emaús Gizarte
Ekimen horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak Gipuzkoak birziklatzearen arloan duen indarguneari balioa eman nahi dio, eta sektorearen garrantzia ikusarazi Ekonomia Zirkularraren barruko motor ekonomiko gisa eta enplegu berdearen sorreran. Era berean, enpresentzako laguntza instituzionaleko tresna bat izan nahi du, bai merkatu nazionalean bai nazioartekoan, eta aurkezpen-gutun izan eta berrikuntza sare berde bat sortu nahi du.
Karbono aztarna kalkulatzeko eta murrizteko laguntzak
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak 175.603,46 euro bideratu ditu guztira Gipuzkoako 30 enpresaren karbono aztarna kalkulatzeko eta murrizteko. Hauek dira diru-laguntza jaso duten lurraldeko enpresak: Irizar, Irizar E-Mobility, Máquinas Pneumáticas Rotativas XXI, Construcciones Iturrioz, Ikerlur, Ekomodo, Jegan Sal, Composite Patch, Ulma, Arregi Etxabe Juan José, Ingeniería Proxis, Ibermática, Spyro Software, Excavaciones y Transportes Orsa, Irisbond Crowdbonding, Orkli, Ekotrade, Electrotécnica del Urumea, Serkom Gestión y Servicios Grupo Moyua, Ecogras, Petritegi, Nekine, Siliconas Silam, Wavegarden, Construcciones Moyua, CEI Servicio de Prevención, Royme Import Export, Eguitegui Reciclados, Sacytrans eta Centralair.
Horrela, Gipuzkoa da lehen lurraldea enpresekiko eta industriarekiko konpromiso ekonomikoa hartzen, ekonomiaren deskarbonizazioaren lidergoan eta neutraltasun klimatikoa lortzen. Dirulaguntza horren helburua da enpresei eta industriari zeregin horretan laguntzea, Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko Espainiako Legeak ezartzen duen betebeharraren aurrean, 2050ean klima neutraltasuna bermatzeko helburuarekin.
Halaber, arauak xedatzen du enpresek isuriak murrizteko plan bat prestatu eta argitaratu behar dutela, bost urterako murrizketa helburu kuantifikagarri batekin eta hori lortzeko proposatzen diren neurriekin. Ingurumen Departamentuaren helburua da azkartzea Gipuzkoako industria deskarbonizatzeko prozesua eta bermatzea Gipuzkoa Klima 2050 estrategian ezarritako neutraltasun klimatikoa, xedatzen baitu 2050erako berotegi efektuko gasen (BEG) isuriak murriztu behar direla % 90.