INEC. Frantziako Ekonomia Zirkularraren Institutu Nazionala
Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioak eta INEC Frantziako Ekonomia Zirkularraren Institutu Nazionalak hitzarmen bat sinatu zuten 2019ko apirilean, ekonomia zirkularrari buruzko proiektu europarrak elkarrekin aurrera eramateko eta finantziazioa lortzeko Europako deialdietan elkarrekin aurkezteko.
Hiru urteko iraupena duen hitzarmena da, eta aurrerapausoa izango da Gipuzkoako birziklapenaren arloko sektoreak ekonomia zirkularreko paketean dauden funts europarretara sarbidea izateko Naturklimak duen helburua erdiesteko. Halaber, hitzarmenaren bidez, INEC institutuak babesa ematen dio Naturklimak ekonomia zirkularraren arloan definitutako estrategiari, eta, horrez gainera, lantalde bateratuak sortu eta praktika onei buruzko informazioa partekatuko da bi erakundeen artean. Bestalde, tokiko mailan aplika daitezkeen ekonomia zirkularreko enpresa proiektuak garatuko dituzten start-up-ak bultzatu eta finkatzea du helburu hitzarmenak.
INECekin finkaturiko lankidetza horrek babes handia da Naturklimaren ekonomia zirkularreko atalarentzat. Hain zuzen, lurralde eragileekin eta, bereziki, GK Recycling Klusterrarekin lankidetza proiektuak martxan jarri eta bultzatzea du helburu atal horrek.
Bouches-du-Rhône-eko diputatu François-Michel Lambert-ek sortu zuen INEC institutua 2013an. Zehazki, ekonomia zirkularra sustatu eta lankidetzaren bidez ekonomia mota horren garapena azkartzea da Institut national de l'économie circulaire (INEC) institutuaren helburua. Berrehun erakunde publiko eta pribatu baino gehiagok osatzen dute institutua; horien artean, enpresak, federazioak, komunitateak, erakundeak, elkartzeak, GKEak eta unibertsitateak. Institutua osatzen duten kideen aniztasunak aukera ematen die ekonomia zirkularrari buruzko ikuspegi osoa izaten eta ekonomiarekin, gizartearekin eta ingurumenarekin loturiko alderdiak kontuan hartzen. (Informazio gehiago)