•
GK Recycling Erreportajea: UVESCO
Enpresaren aurkezpen laburra (jarduera, kokapena...):
Janari-banaketaren kontsumo handiaren sektoreko talde liderra da Uvesco, Super BM eta Super Amara ikurren azpian jarduten duena. Gaur egun, 260 supermerkatu propio eta 4 plataforma logistiko baino gehiago ditugu, eta horietako bi Irunen daude. Uvesco 5.800 langilek baino gehiagok osatzen dugu. Gure denda-ereduaren ezaugarriak dira, besteak beste, tokiko produktu freskoaren aldeko apustua, aukera zabala eta kalitatezkoa eta bezeroarentzako zerbitzu espezializatua.
Gure presentzia indartsuena Euskadin bada ere, dendak ditugu Kantabrian, Nafarroan, Errioxan, Ávilan eta Madrilen. Azken horretan izan dugu azken urteotako hedapenik handiena.
Nola eta noiz sortu zen proiektua? Zerk bultzatu zintuzten zuen jarduera ekonomia zirkularrerantz orientatzera?
1993an sortu zen Uvesco, kontsumo handiko bi familia-enpresak elkarrekin ekitea erabakitzearen ondorioz: Unicalco-k, egoitza Gipuzkoan duenak, eta Ves-ek, jatorria Kantabrian duenak.
Ekonomia zirkularrarekiko eta jasangarritasunarekiko interesa pixkanaka hazten joan da erakundean, batez ere prozesuak efizienteagoak bilakatzeko bidea dela ulertu dugun heinean. Legeria ere bultzada garrantzitsua izan da, baina faktore erabakigarria langileen, bezeroen eta gizartearen ingurumen-kontzientziazioa izan da, oro har.
Zein motatako produktuak egiten dituzue erabiltzen duzuen lehengaitik abiatuta?
Banaketa-enpresa denez, oso lehengai gutxi erabiltzen ditugu. Hala ere, energia asko kontsumitzen dugu, kamioiek hornitzen dituzte gure dendak egunero, eta hondakin asko sortzen ditugu. Horregatik, ekonomia zirkularrak funtsezko zeregina du gure erakundean, inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin laguntzen baitigu.
Zein da zuen erakundearen balioa ekonomia zirkularreko proiektu gisa? Eta zein da zuen erakundearen ingurumen- eta gizarte-balioa?
Uvescoren zutabeetako bat tokiko produktua sustatzea da, eta horrek inpaktu zuzena du bai gizartean, bai ingurumenean. Tokiko produktu freskoak bultzatuz, Gipuzkoako lehen sektoreari laguntzeaz eta tokiko ekonomiari ekarpena egiteaz gain, nabarmen murrizten da elikagai horien garraioaren inpaktua.
Komunitatean ere hainbat mailatan inplikatuta gaude: ongintzako elkarteei dohaintzak egiten dizkiegu, kultura- eta kirol-ekitaldiak babesten ditugu...
Ingurumenari dagokionez, 2022an Uvescoren karbono-aztarna partzialki konpentsatu dugu Naturklimaren Borondatezko Funtsaren bidez, zeinak isuri horiek konpentsatu baititu duela urtebete sute batek suntsitu zuen Etxolazarretako (Irun) finka basoberrituz.
Zenbaterainoko garrantzia du I+G+b alderdiak zuen erakundean?
Berrikuntza eta etengabeko hobekuntza ezinbestekoak dira Uvescorentzat, jasangarritasunarekin lotutako gaietan ere bai. Adibidez, eskaerak egiteko sistema efizienteak edo iraungitzeen kudeaketa informatizatuak urtean tona elikagaiak alferrik galtzea saihesten du.
Zein izan dira urte hauetako zuen lorpen nagusiak?
Azken urteotan Uvescok lortutako hiru mugarri nabarmenduko nituzke. Lehenengoa energia % 100 berriztagarriaren kontsumoranzko aldaketa izango litzateke. Horri lotuta dago karbono-aztarnaren murrizketa. Izan ere, 2018tik 2020ra bitartean isuriak % 38 jaitsi direla ziurtatu genuen, eta horri esker AECOC elkarteak hiru Lean&Green izar eman zizkigun.
Azkenik, hondakinen kudeaketan bai plataformetan, bai dendetan egindako lana egongo litzateke. Adibidez, akordioak egin genituen zenbait udalekin 90 denda baino gehiagotan zabor organikoen edukiontziak instalatzeko; beste denda batzuek bazuten, aurrez, edukiontzi hori. Asko lan egiten dugu prebentzioan eta birziklatzean, eta hala aitortu ziguten Irungo plataforma logistikoei AENORen Zero Hondakin ziurtagiria eman zietenean.
Zuen ustez zer behar da ekonomia zirkularra sendotu dadin oro har, eta, bereziki, Gipuzkoan?
Hondakinak tratatzean azpiegitura eta homogeneotasun handiagoa behar dela ikusten dut. Gaur egun, hondakinak beste lurralde batzuetara bidaltzen ari gara, Gipuzkoan ezin direlako kudeatu, biogasa egitera bideratzen ditugunak ez bezala. Merkataritza-hondakinei laguntza handiagoa emateko beharra ere ikusten dut, baita mankomunitateen eta udalen artean homogeneotasun handiagoaren beharra ere. Gaur egun, supermerkatu batzuetan, kasuan kasuko udalak ez digu edukiontzi marroirik instalatzen, uste baitu merkataritza-hondakinak ez daudela bere araudian sartuta, baina ez dago kudeatzaile pribaturik organikoaz arduratzeko, eta hondakin horiek zaborrean amaitzen dute. Administrazioek birziklatzea babestu eta erraztu beharko lukete, ez oztopatu.