•
GK Recycling Erreportajea: SODESA
SODESA elikagai- eta farmazia-industriarako plastikozko packaging-a fabrikatzen duen enpresa bat da, eta Asteasun dago. Elikagai-industriaren kasuan, hegazti-, baratze- eta fruta-industriarako bilgarriak egiten ditugu, % 100 birziklatutako PETetik abiatuta. Gure MAP (atmosfera kontrolatuak haragietan, arrainetan, etab. erabiltzeko) bilgarriak fabrikatzeko, gutxienez % 93 birziklatutako PETetik abiatzen gara. AENORek bi zifra horiek ikuskatu eta ziurtatu ditu, UNE-EN 15343 arauan oinarrituta.
Nola eta noiz sortu zen proiektua? Zerk bultzatu zintuzten zuen jarduera ekonomia zirkularrerantz orientatzera?
SODESA 1973an hasi zen lanean Asteasun, hegazti-industriari zerbitzua emanez. Ordutik 2016. urtera arte, lehengai guztia petrokimika-enpresetatik zetorren. Ikusi genuenez Europako iparraldeko herrialdeek eredu lineala baliabideen erabilera arrazionalagoa dakarren ekonomia zirkular batekin aldatzen zutela, 2016an eraldatzeari ekin genion, eta iaz amaitu genuen eraldaketa hori: material birziklatuaren zehaztutako erabilera-zifrara iritsi gara, eta aurten jakinarazi zaigu erakundeak ziurtatu dituela zifra horiek.
Zein motatako produktuak egiten dituzue erabiltzen duzuen lehengaitik abiatuta?
% 100 PET birziklatuzko hegazti-, baratze- eta fruta-sektoreko bilgarriak.
% 93 birziklatutako PETezko MAP bilgarriak.
Zein da zuen erakundearen balioa ekonomia zirkularreko proiektu gisa? Eta zein da zuen erakundearen ingurumen- eta gizarte-balioa?
Aipatutako eraldaketarekin, SODESA pasatu da % 100 plastiko birjinatik abiatzen zen ekoizlea izatetik aipatutako zifrak lortzera. Horren ondorioz, iaz 7.000 tona baino gehiago birziklatutako PET eraldatu genituen, eta, horrela, bigarren erabilera bat eman genien garai batean zabortegian amaitzen zuten hondakinei. Hori da SODESAren orainaldia; duela hiru urte hegazti-aziendaz bestelako sektoreei zerbitzua emateko hasitako dibertsifikazio-proiektuarekin batera, gainera, zifra hori handituko dugu, gure ingurumen- eta gizarte-balioa handituz.
Zein garrantzi du I+G+b-k zuen erakundean?
Azken 3 urteotan, gure jardueraren muina bilakatu da, eta alderdi horren garrantziak gora egingo du, gure helburua baita balio erantsi handiko packaging jasangarriaren ekoizle bihurtzea. Bide horretan, funtsezkoa da materialen zientzia, zaintza teknologikoa eta tresnen, produktuen eta prozesuen diseinua, eta gero eta estandar handiagoak eskatuko dizkigu, ziurtatu beharko ditugunak.
Zein izan dira urte hauetako zuen lorpen nagusiak?
Plastiko birjina prozesatzeko diseinatutako ekoizpen-instalazio bat plastiko birziklatua eraldatzen duen instalazio bihurtzea erronka handia izan da, eta erronka hori gainditu egin dugu, lehendik genituen gure estandar eta ziurtagiri berak ziurtatuz eta zabalduz. Erakunde osoan modu naturalean gertatu den pentsamolde-aldaketa, itzulerarik ezaren puntu batean geundela jakinda, epe luzerako gure helburuak lortzeko aukera emango digun beste lorpen bat izan da.
Zuen ustez zer behar da ekonomia zirkularra sendotu dadin oro har, eta, bereziki, Gipuzkoan?
Informazioa funtsezkoa iruditzen zaigu.
Eraldaketaren puntu batean edo bestean gauden enpresak asko gara, baina SODESAn uste dugu eraldaketa hori ez dela aukera bat gehiago, etorkizunerako aukera bakarra baizik; garrantzitsua da enpresa guztiak horretaz ohartaraztea, tamaina eta sektorea edozein direla ere.
Herritarrak ere datu eta informazio fidagarriak izan behar ditu, ekonomia zirkularrean parte hartzeko eta kontsumo-erabakiak jasangarritasun-datu errealetan oinarrituta hartzeko, eta ez pertzepzioetan oinarrituta.