•
GK Recycling Erreportajea: KAFEA.ECO
KAFEA.ECO Adunan kokatutako enpresa aitzindaria da estatu mailan kafetik eratorritako hondakinen kudeaketa logistikoan eta birziklapenean, eta hondakinen atez ateko bilketatik (udalekoak eta industrialak) hasi eta hainbat merkatutarako ekodiseinatutako produktuetan eraldatu arte lan egiten du.
Nola eta noiz sortu zen proiektua? Zerk bultzatu zintuzten zuen jarduera ekonomia zirkularrerantz orientatzera?
Ekogras enpresaren barruan sortu zen; 1998an eratu zen Ekogras, ostalaritzaren sektorean erabilitako landare-olioa kudeatzeko beharrari erantzuteko. Ekonomia zirkularra enpresa berri honen geneetan zegoen jada. Erabilitako landare-olioari bigarren bizitza bat emateko lan egiten du, eta Estatu Batuetatik inportatzen du hondakin horretatik abiatuta biodiesela egiteko teknologia. Bigarren belaunaldiko biodiesela, elikadura-baliabiderik kontsumitzen ez duena.
Enpresak sortzen zituen hondakinentzako aukera berriak ikertzera eraman zuen espiritu berritzaileak Ekogras: materialen bizi-zikloak ixten zituzten eta, aldi berean, onura ekonomikoa sortzen zuten aukerak. Ekonomia zirkularra martxan.
Jarduera horren ondorioz hainbat proiektu sortu ziren, hala nola KAFEA.ECO, eta ideia gisa 2017an sortu zen arren, 2019ko amaierara arte ez zen gauzatzen hasi.
Zein motatako produktuak egiten dituzue erabiltzen duzuen lehengaitik abiatuta?
Material artifizialekin materialen araberako bereizketa bat egiten da, eta plastikoak injektatzeko eta modelatzeko teknologia desberdinen bidez erabiltzen dira, besteak beste, hiri-altzariak, edukiontziak eta dekorazio-elementuak sortzeko.
Kontsumo osteko hondarrekin hainbat aplikazio egiten dira, hala nola kalitate handiko materialak lortzeko ikerketa, animalien pentsua, briketak eta pelletak autokontsumorako, esaterako, edo landareentzako substratua.
Jute-zakuekin produktuak sortzen dira gizarteratzeko tailerren bidez, hainbat helbururekin:
o Ekoizle handiei tailer sozialetan beren hondakinekin egindako merchandising-artikuluak ematea.
o Balio erantsi handiko produktuak sortzea (diseinu-poltsak), birziklatutako produktuen balioaz kontzientziatzeko helburuarekin.
o Jutezko zakuen autohornikuntza, aurrez prozesatutako hainbat materialen konbinaziotik sortutako kit landagarriak sortzeko: Jute zakuak, kafe-substratuak eta kapsuletatik egindako loreontziak.
Zein da zuen erakundearen balioa ekonomia zirkularreko proiektu gisa? Eta zein da zuen erakundearen ingurumen- eta gizarte-balioa?
KAFEA.ECOn, normalean birziklatzeko oso zailak diren hondakinei irteera bat ematen diegu, haien bizitza baliagarria luzatzen zaien produktu bihurtuz. Hasieratik, proiektua Ekonomia Zirkularra lantzeko ekimen gisa sortu zen, gure azpiproduktuak gure industria-prozesuetarako biomasa-erregai gisa planteatuz.
Zenbaterainoko garrantzia du I+G+b alderdiak zuen erakundean?
Guretzat I+G+b gure DNAren parte da, proiektua bera EKOGRAS taldeak bultzatutako ekimen berritzailea baita. Erakundearen barruan berrikuntza sustatzeko baliabideak ditugu, bai eta dinamikak ere, gure prozesu eta produktuak egunetik egunera alternatiba jasangarriago bihur ditzaketen azken aplikazioak bilatzeko.
Zein izan dira urte hauetako zuen lorpen nagusiak?
Askotan atera gara prentsa nazionalean proiektu berritzaile gisa, eta gero eta mankomunitate eta enpresa gehiago ditugu proiektuarekin bat egin dutenak, gero eta ekosistema sendoagoa sortuz kafe-kapsulak eta horiekin lotutako beste hondakin batzuk birziklatzeko. Gure lorpenik handiena pilotu batetik gure ekoizpena handitzeko aukera eman digun gaitasun handiagoko instalazio batera pasatzea izan da.
Zuen ustez zer behar da ekonomia zirkularra sendotu dadin oro har, eta, bereziki, Gipuzkoan?
Gipuzkoaren kasuan, Ekonomia Zirkularra babesten eta bultzatzen duen ekosistema bat daukagu, eta ez soilik hori, gainera herritarren zerbitzura jartzen dira ingurune horretan ekiteko laguntza bultzatzaile bat izateko tresnak, hala nola Naturklimaren Enpresa-erronkak. Eta 2021-2022ko edizioan parte hartzeko plazera izan genuen guk.
Horregatik, beharrezkoa da inguruko enpresak jasangarritasunaren arloan ekitera animatzea eta gazteen artean espiritu ekintzaile arduratsua bultzatzea.