• ELKARRIZKETAK
GK Recycling erreportaia : CORTÉS
CORTÉS RPA Tolosan dago, eta zerbitzua ematen du Gipuzkoako Lurralde Historiko osoan.
Bere jarduera animalien azpiproduktuen (soberakin eta bazterkinen, eta osasun-araudiaren arabera tratatu beharreko azpiproduktuen) balorizazioan oinarritzen da nagusiki, baina baita Elikagaien gainerako Industrian ere, bigarren erabilera batean lehengai gisa balio duten produktu eraldatuak lortuz.
Nola eta noiz sortu zen proiektua? Zerk bultzatu zintuzten zuen jarduera ekonomia zirkularrerantz orientatzera?
Enpresa 1949an jaio zen, Ekonomia Zirkularraz hitz egiten ez zen garai batean, baina gaur egungo jarduera orduan ere bazegoen. Horregatik, beti zentratu da aprobetxamenduan eta bigarren erabileran, eta, gainera, tokian tokiko hondakinak tratatu izan ditu.
Guretzat oso garrantzitsua zen Ekonomia Zirkularraren gurpilean sartzea, eta hala geundela aitortzea; horregatik, 2016an gure sektorea norabide horretan nola mugitzen zen ikusten hasi ginen, eta zer gertatzen ari zen Gipuzkoan.
Zer-nolako produktuak egiten dituzue erabiltzen duzuen lehengaitik abiatuta?
Animalia-azpiproduktuetatik, batetik, koipeak lortzen ditugu, sektore kimikoan xaboi, erregai berde eta antzeko gisa erabiltzen direnak; bestetik, batez ere PetFood-entzat eta ongarrientzat balio duten irin proteinadunak lortzen ditugu.
Elikagai-industriatik, bioerregaietarako olioak eta biogaserako hondakin organikoak.
Zein da zuen erakundearen balioa ekonomia zirkularreko proiektu gisa? Eta zein da zuen erakundearen ingurumen- eta gizarte-balioa?
Ekonomia zirkularraren ikuspegitik, esango genuke gure jarduera, berez, % 100 ekonomia zirkularra dela, ez dela hondakinik sortzen, eta, gainera, tokikoan zentratzen garela.
Ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik gure balioa nabarmendu behar badugu, osasun-arriskuak saihesten ditugula adieraziko dugu, eta ez hori bakarrik; izan ere, balio erantsia duten funtsezko produktuak lortzen ditugu.
Zenbaterainoko garrantzia du I+G+b alderdiak zuen erakundean?
Izugarria. Sektorea etengabe ari da eboluzionatzen, bai EU mailako araudi-aldaketengatik bai lehengaien kotizazioen aldaketengatik. Horrek guztiak efizientzia bilatzera garamatza eraldaketan, bai eta bukatutako produktuen kalitatea handitzera ere. Aurreko guztia ikertuz eta berrituz bakarrik lor daiteke.
Zein izan dira urte hauetako zuen lorpen nagusiak?
Sektoreko eredu izatea, bezeroei ematen diegun zerbitzuari eta aholkularitza teknikoari dagokionez; berrikuntzarantz bideratzea, Gipuzkoako zentroekin eta enpresekin bioekonomian eta bioindustrian oinarritutako proiektuak proposatuz, parte hartuz eta landuz, eta, nola ez, pandemiaren egoera hain konplexua maneiatzen jakitea, funtzionatzen jarraitu behar izan zuen funtsezko sektoreetako batekoa –elikakatekoa– izanik.
Zer uste duzue behar dela ekonomia zirkularra oro har sendotu dadin, eta bereziki Gipuzkoan?
Ekonomia zirkularra sendotzeko, gizartearen hezkuntza eta kontzientziazioa behar dira, baina, horrekin batera, ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik jasangarriak diren konponbideak proposatzen dituen enpresa-sektorea behar da.
Gipuzkoan, uste dut gure bidean jarraitu behar dugula. Norabidea zuzena da. Eta dagoeneko azaleratzen hasi dira biekonomia oinarri duten proiektuak eta erakundeak.
GKren Klusterra bera oso enpresa desberdinez osatuta dago, eta proiektu berritzaileetan parte hartzen dute; duela 10 urte inork gutxik imajina zezakeen horiek garatuko zirenik.