•
GK Recycling Erreportajea: RECREAKULT
Enpresaren aurkezpen laburra (jarduera, kokapena...):
RECREAKULT kultura-sektorean ekonomia zirkularra ikerketaren eta erraztearen bidez bultzatzera bideratutako gizarte-ekintzailetzako proiektu bat da.
Edozein jarduera artistiko eta kulturaletik datozen materialak sailkatzeko, katalogatzeko, berreskuratzeko, saltzeko eta alokatzeko zerbitzuak eskaintzen ditugu, baita kultura-erakundeentzako biltegiratze-espazioak eta kultura-sektorera bereziki orientatutako zirkulartasunaren alorreko informazioa, aholkularitza, laguntza eta prestakuntza ere. Hori guztia online plataforma baten bidez (recreakult-katalogoa.eus) eta Donostiaren erdiguneko espazio fisiko baten bidez.
Tresna horiekin sustatzen dugu hondakinak murriztea, baliabideak optimizatzea eta balorizatzea eta jarduera artistiko-kultural guztietan sortutako ingurumen-inpaktu negatiboak minimizatzea, sektoreko profesionalak sentsibilizatuz ekonomia zirkularrak beren erakundeetan, prozesuetan eta/edo proiektu artistiko-kulturaletan sustatutako printzipioak hartzeko eta integratzeko.
Azken batean, KULTURA BIRSORTZEA, ekonomia-, gizarte-, kultura- eta ingurumen-inpaktu potentzialarekin.
Nola eta noiz sortu zen proiektua? Zerk bultzatu zintuzten zuen jarduera ekonomia zirkularrerantz orientatzera?
Proiektua 2021ean jarri zen abian, “KULTURA ETA EKONOMIA ZIRKULARRA: trantsizioa ekonomia sendo eta zirkular baterantz kultura-sektoretik” azterketa egin eta aurkeztu ostean.
Kultura-sektoreko profesional gisa dugun esperientzia dela eta, erakusketa-ekoizpenetan eta ekoizpen eszeniko, artistiko edo ikus-entzunezkoetan zenbat baliabide eta hondakin sortzen ditugun dakigu eta ikusten dugu. Material-mota desberdinak dira –zura, metala, plastikoa, beira, ehunkiak...–, ekoizpenaren, banaketaren eta kultura-kontsumoaren ondoren urteetan zehar gordetzen direnak berriro erabili gabe, edo zuzenean zaborretara botatzen direnak lekurik ez dagoelako edo hondakintzat hartzen direlako; hori guztia material horien gutxi gorabeherako bolumenaz jabetzeko aukera ematen diguten datuak izan gabe.
Egoera horrek hondakinak bistaratzeko, kuantifikatzeko eta murrizteko erronka planteatzen zuen –ekodiseinuaren bidez edo material horiek balorizatuz–, bizitza berri bat emanez; horrek RECREAKULT proiektuari ekitera bultzatu gintuen, ekonomia zirkularraren esparruan kultura birsortzeko.
Zein motatako produktuak egiten dituzue erabiltzen duzuen lehengaitik abiatuta?
Erabiltzen ez diren edo hondakintzat hartzen diren materialak berreskuratuz, lehendik sortutako baliabideen (jantziak, eszenografia, erakusketa-elementuak...) balioa atxikitzen dugu, eta baliabide horiek (edo jarduera artistiko-kultural batetik datorren edozein material –zurezko piezak, metala, ehunkiak, plastikoa, konposatu elektrikoak...–) proiektu, prozesu edo ekoizpen artistiko-kultural berrietan berrerabiltzea eskaintzen dugu; horrela, bizitza berri bat ematen diegu, eta berriro sartzen ditugu beren bizi-zikloan eta balio kulturaleko katean.
Zein da zuen erakundearen balioa ekonomia zirkularreko proiektu gisa? Eta zein da zuen erakundearen ingurumen- eta gizarte-balioa?
Uste dugu gure balio nagusia dela eredu zirkularra kulturaren sektorean bultzatzea eta integratzea; hain zuzen ere, orain arte ekonomia zirkularraren eztabaidatik eta azterketatik kanpo zegoen sektore batean. Horregatik, gure ahaleginen helburua da –bai sektorean bertan, bai beste sektore batzuetan– Arteak eta Kulturak aldaketa-eragile gisa duten potentziala bistaratzea, gizarte- edo ingurumen-kontzientziaziorako tresna gisa duten gaitasunetik harago, kontzeptu eta praktika zirkularrak txertatuz haiei dagozkien erakundeetan eta jardueretan.
Ingurumen-balioari dagokionez, sustatzen dituen printzipioen adibidea da proiektua, baliabideak optimizatuz eta balorizatuz, hondakin minimoak sortuz eta jarduerak sor ditzakeen ingurumen-inpaktu negatiboak murriztuz; horrela, baliabideen trukean, sare-sorkuntzan eta jardunbide egoki zirkular, berde eta ingurumenaren aldetik jasangarrietan oinarritutako eredu bat sustatzen da.
Gizarte-balioaren kasuan, kultura-sektorea hobetzen laguntzean jartzen dugu arreta, sektoreko profesionalak balioetsiz eta eredu zirkularrak profil profesional berriak eta lanpostu berriak sortzeko eskaintzen dituen aukerak agerian jarriz.
Erakunde irekia eta zeharkakoa gara, gure lantaldeari eta proiektuari ideiak eta pertsonak gehitzeko prest dagoena.
Zenbaterainoko garrantzia du I+G+b alderdiak zuen erakundean?
Proiektuan I+G+b sartzen ari gara pixkana, modu mailakatuan, eta gaur egun garapen- eta testatze-fasean daude zenbait alderdi, hala nola berrerabilitako materialen trazabilitatea edo hondakinak murrizteko ikerketa hainbat elementu artistiko-kulturali aplikatutako biomaterialen bidez.
Zein izan dira urte hauetako zuen lorpen nagusiak?
Ez da zeregin erraza izan kultura-sektorean ekonomia zirkularra eta haren jarduera bultzatzea, ezta kultura-sektorea bera aldaketa-eragile gisa bistaratzea ere gure lurraldeko ekonomia zirkularraren esparruan.
Hala ere, horrelako proiektu bat probatzeko gure borondateak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren eta Ingurumeneko Departamentuaren laguntza izan du, kultura-sektorean bigarren eskuko baliabideak kudeatzeko lehen lankidetzako online plataforma abian jartzea bultzatu baitute (recreakult-katalogoa.eus). Era berean, lurraldeko kultura-erakundeekin lankidetzan ari gara (esate baterako, KOLDO MITXELENA Kulturunea, Euskal Itsas Museoa, San Telmo Museoa, Tabakalera, Morgancrea eta abarrekin), haien materialak sailkatuz eta katalogatuz, eta erabiltzen ez diren edo hondakintzat hartzen diren materialak berreskura eta berrerabil daitezen lan eginez. 2022ko apiriletik aurrera, Gipuzkoako berrerabiltze- eta birziklatze-klusterraren (GK Recycling-en) parte gara, eta gure proiektua klusterraren parte den kultura-sektoreko lehen proiektua da. 2022ko uztailean, Naturklimak emandako Enpresa-erronketako hiru proiektu irabazleetako bat izan ginen. Sari horri esker, berreskuratutako materialen informazio, salmenta eta alokairurako espazio fisiko bat prototipatu dugu, Donostiaren erdigunean dagoena. Eta 2022ko urrian Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak Euskadiko berrikuntzako kasu praktiko gisa hautatu gintuen, kultura-esparruan, Global Innovation Day 2022-ren hamaikagarren edizioan, Kursaalen.
Intentsitate handikoa izan zen 2022. urtea, proiektuarentzat garrantzitsuak izan ziren lorpenez betea; lorpen horiei gehitzen zaizkio SGAE Fundazioaren 2021eko Ikerketa-lan onenaren Saria (Premio al Mejor Trabajo de Investigación 2021) edo 2021eko ikasketa-saria (Premio al estudio 2021), Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearen parte-hartze erakundeen arloko ikerketaren eta irakaskuntzaren esparruetako sarien XI. edizioan eskuratu zena.
Zuen ustez zer behar da ekonomia zirkularra sendotu dadin oro har, eta, bereziki, Gipuzkoan?
Denbora, ekintza eta iraunkortasuna. Aldaketa sendo eta iraunkorrak ez dira egun batetik bestera gertatzen. Arreta, esfortzua, asmatzea, huts egitea, etab. beharrezkoak dira. Hala ere, ekintza zirkularra aktibo dago jada, eta aldaketak eragiten ari da gure inguruneko diseinuan, ekoizpenean eta kontsumoan, emaitza nabarmen, ikusgarri eta ukigarriekin.
Lurralde konprometitua, berritzailea eta ekintzailea gara. Ekonomia zirkularrak bultzatutako paradigma-aldaketa sustatzeko eta indartzeko tresnak ditugu.
Zer behar da?
Elkarri entzutea, ekimen zirkularrak bultzatzea eta ekonomia zirkularraren esparrua jarduera-sektore guztietara zabaltzea; izan ere, sektore guztiak dira, beren hondakin-bolumenez harago, eragile eraldatzaileak eta aldaketakoak, eta elkarrekin bakarrik lortuko dugu, konpromisoa hartuta eta jarrera aktiboarekin, eredu zirkularrerako trantsizioa gure lurraldean.