COOKIE-N KONFIGURAZIOA

Webgune honek erabiltzaileek egiten duten erabilpenaren analisia egiteko eta erabilgarritasuna hobetzeko cookieak erabiltzen ditu, baita webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak ere.


Beharrezko cookieak

Cookie propioak dira, webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak izanik beti gordetzen dira.

informazio +



Analitikarako cookieak

Hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu webgunearen erabilpenaren analisia egiteko. Informazio modu anonimoan jasotzen da. Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak ez direnez hauek ez onartzea hautatu dezakezu.

informazio +



Publizitaterako cookieak

Egoitzaren kokapen-mapa azaltzeko Google Maps erabiltzen dugu. Bere erabilpenak zenbait cookie sortzen ditu, zure interesekin bat egiten duten edukiak erakusteko erabiltzen direnak.

informazio +



Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

    

GK Recycling Erreportajea: HEIDELBERG MATERIALS - CEMENTOS REZOLA

Enpresaren aurkezpen laburra (jarduera, kokapena...):

Heidelberg Materials eraikuntza-produktuen fabrikatzaile nagusietako bat da munduan. Euskadin, Arrigorriagako (Bizkaia) eta Añorgako (Donostia) zementu-fabriketan ditu bere ekoizpen-zentro nagusiak, eta, horiez gain, agregakinak ekoizteko hiru harrobi eta bost hormigoi-instalazio ditu.

Europan zorrotzenak diren kalitate- eta ingurumen-kudeaketaren ziurtagiriak eskuratu ditu, eta zementu-gama zabal bat sortzeko gai da; horien artean, munduan berritzaile eta jasangarrienetakoak diren zementu batzuk. Agregakinen arloan munduko lehen fabrikatzailea da Heidelberg Materials, zementuaren kasuan bigarrena, eta hormigoiaren kasuan hirugarrena. Ekonomia zirkularrean eta deskarbonizazioan oinarrituta dago bere lidergoa.

Nola eta noiz sortu zen proiektua? Zerk bultzatu zintuzten zuen jarduera ekonomia zirkularrerantz orientatzera?

Taldeak Euskadin daukan ekoizpen-zentroetan lehena Añorgako fabrika da, 1850ean martxan jarri zena. Heidelberg Materials fabrika etengabe joan da eboluzionatzen. Hasieran, zementu naturala fabrikatzean, goitik behera aldatu zuen inguruetako etorkizun industriala, eta, instalazioak birmoldatu eta modernizatu ondoren, aitzindaria izan zen Portland zementua egiten. Hasieratik, beste industria-jarduera batzuetatik baztertutako materialetatik eratorritako material eta erregaiak sartzeko aukera ematen dute prozesuaren ezaugarri propioek.

Zein motatako produktuak egiten dituzue erabiltzen duzuen lehengaitik abiatuta?

Produktu nagusiak hiru dira: zementua (6 zementu-mota dauzkagu Añorgako fabrikan), agregakinak (hormigoia fabrikatzea dute xede nagusi) eta hormigoia (agregakinen, zementuaren, uraren eta gehigarrien arteko nahasketa).

Zein da zuen erakundearen balioa ekonomia zirkularreko proiektu gisa? Eta zein da zuen erakundearen ingurumen- eta gizarte-balioa?

Gure jarduerak eskaintzen duen ingurumen- eta gizarte-balio nagusia da gure gizartea aurreratzeko eta mantentzeko ezinbestekoak diren produktuak fabrikatzen ditugula (mundu osoan kontsumo handiena duen produktua da zementua), munduko ingurumen-kontrol zorrotzenekin (Europar Batasuneko legeriatik eratorriak), kalitatezko enplegua bermatuz (zuzena eta induzitua), eta gure jarduera garatzen dugun inguruneei ekarpena eginez, hainbat ekimen eta babesletzen bidez, gure gizarte-erantzukizuneko politikaren esparruan.

Prozesuaren beraren ezaugarriengatik egiten diogu ekarpena ekonomia zirkularrari, eta protagonismo berezia lortu du ingurumen-legeriaren garapenari, laguntza instituzionalari eta beste industria batzuen eskaerei esker.

Zementua beste industria batzuen hondar-materialekin fabrikatu daitekeen produktua da, beste enpresa batzuen soberakina berrerabiliz. Añorgan, urtean 26.000 tona lehengai alternatibo erabiltzen dira.

Fabrikak, gainera, energia berreskuratzean, ekonomia zirkularra sustatzen du, irteera ematen baitie birziklatu ezin diren hondakinei. Gaur egun, fabrikak pneumatikoak erabiltzen ditu erregai alternatibo gisa. Erabiltzen ez diren pneumatikoak hondakin ez-arriskutsuak dira, Ingurumen Baimen Integratuan sartuta daude eta, beraz, baimenduta daude jarduera honetarako, eta erregai konbentzionalaren ehuneko bat ordezteko behar den bolumena dutela bermatzen dute.

Erregai alternatiboak erabiltzean (hala nola pneumatikoak), isuriak ez dira areagotzen, berdinak baitira, erabiltzen den erregaia edozein dela ere. Gainera, jada erabiltzen ez diren pneumatikoak baliatzeak murriztu egiten ditu nitrogeno oxidoen (NOx) eta sufre dioxidoaren (SO2) isuriak.

Fabrikak hondakin-kudeatzaile baimendu bati erosten dizkio erregai gisa erabiltzen dituen hondakinak. Kudeatzaile horrek bermatzen du hondakinek araudia betetzen dutela, eta zorrozki betetzen dutela Europako zuzentarauan ezarritako hondakinen kudeaketaren hierarkia.

Zenbaterainoko garrantzia du I+G+b alderdiak zuen erakundean?

Sektore hau hain historia luzekoa izanik, besteengandik bereizteko eta eboluzionatzeko, ezinbestekoa da I+G+b jarduera sendoa izatea, bai produktuetan, bai prozesuetan. Jarduera hori tokiko mailan zein talde-mailan garatzen dugu, eta horri esker gure instalazioak buru dira karbono-aztarna txikiko produktuak garatzeari eta merkaturatzeari dagokionez. Horren erakusle dira gure produktuen ingurumen-adierazpenak.

Gure instalazioek Europako kalitate-ziurtagiri eta ingurumen-kudeaketa zorrotzenak dauzkate. Ingurumen-inpaktua murrizten duten konponbide berritzaileak lantzen aritzen gara, baita berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteari buruzko Parisko Akordioan planteatutako helburuak betetzen lagunduko duten produktu jasangarriagoak garatzen ere.

Produktu berritzaile horien artean, gure eco.build eraikuntza-konponbideen gama aipa dezakegu, CO2 isuriak murrizteko eta ekonomia zirkularrari laguntzeko. CO2 isuririk gabeko mundu bateranzko trantsizioa bizitzen ari gara, eta probetxua atera behar dio ondasun ez-berriztagarrien kontsumoa murrizteari. Eraikuntzaren sektorea aurrera egiten ari da jasangarritasunerako bidean. Beharrezkoa da eraldaketa hori, eta gero eta presenteago dago balio-katean esku hartzen duten enpresen estrategian.

Gaur egungo eraikuntzek Heidelberg Materials-en eco.build gaman dauden produktuak bezalakoak eskatzen dituzte jada, hain zuzen ere halakoak baitaude gero eta jasangarriagoak diren hirien oinarrian.

eco.build portaera jasangarri bikaina bermatzen duten eraikuntza-konponbideen gama bat da, hiru alderdi nagusitan oinarritzen dena: karbono-aztarna murriztea (eco.build gamak CO2 isuri baxuak dituzten produktuak biltzen ditu, ohiko produktuen aldean % 40 baino gehiago murriztu dezaketenak), ekonomia zirkularra bultzatzea (eco.build gamako produktuek % 40 baino gehiago eduki dezakete material birziklatuetan) eta tokiko produktua sustatzea (eco.build gama osatzen duten produktuek tokiko lehengaiak erabiltzeari eta 0 kilometroko merkatuan merkaturatzeari ematen diote lehentasuna).

Zein izan dira urte hauetako zuen lorpen nagusiak?

Gure produktu eta prozesuak deskarbonizatzea betebehar bat da guretzat klima-aldaketaren aurka denon artean egin beharreko borrokan. Gure enpresaren eraldaketa-agendan azken urteotan nagusitu diren ekintzak, eta datozen urteetan ere nagusi izango direnak, hauek dira: gure instalazioak lehengai eta erregai alternatiboak kontsumitzeko egokitzea, eta karbono gutxiago duten produktuak garatzea.

Zehazki, Añorgako fabrikaren jarduerari esker, urtean 80.600 tona hondakin ez dira zabortegietan lurperatuta geratzen; hau da, hondakinez betetako 26 igerileku olinpikoen baliokidea. Ekintza horri esker, atmosferara ia 14.000 tona CO2 isurtzea saihesten da; hau da, urtean 15.800 etxek sortutako energia-kontsumoaren edo 3.800 turismoren urteko isurien baliokidea.

Zuen ustez, zer behar da ekonomia zirkularra sendotzeko, hala oro har nola bereziki Gipuzkoan?

Garrantzitsua da eragile publikoak eta pribatuak lankidetza aktiboan aritzea, materialen ahalik eta zirkulartasunik handiena eta prozesuen efizientzia bilatuz. Horrela, bilakaera positiboa izango dute gure ingurumen-adierazle eta ekonomia zirkularreko adierazle nagusiek.

Sektore publikoak, lizitazio publikoetan, karbono gutxiko produktuak kontsumitzearen aldeko apustu garbia egiteko erantzukizuna hartu behar du bere gain, eta, aldi berean, jatorri naturaleko lehengaien eduki txikiagoa duten produktuen aldekoa; debekatu egin behar luke bigarren erabilera izan dezakeen materialen frakzioa isurtzea.