•
Naturklimak BateraLabs aurkeztu du, Gipuzkoan klima-aldaketaren aurrean herritarren laborategien sarea
Naturklimak BateraLabsen aurkezpen ekitaldia hartu du gaur. Lurralde mailako ekimena da, eta Gipuzkoan herritarren laborategien sare bat abian jartzea du helburu argi batekin: eskualde bakoitzaren errealitatetik abiatuta klima-aldaketaren aurrean proposamen eta proiektu zehatzak diseinatzea.
Eztabaida klimatikoa plano abstraktutik eremu praktikora eramateko asmoarekin sortu da ekimena. Klima-aldaketa dagoeneko ondorio nabariak izaten ari da lurraldean: bero-boladek eragindako osasun-arazoak, muturreko fenomeno meteorologikoak, uholdeak, kalteak ekosistemetan eta sektore ekonomiko eta produktiboen gaineko ondorioak. Hala ere, inpaktu horiek ez dira modu berean agertzen eskualde guztietan. Horregatik, BateraLabsek erantzun deszentralizatu bat proposatzen du, Gipuzkoako eskualde bakoitzaren ezaugarri eta behar espezifikoetara egokitua.
Gaur, 12:00etan, Naturkliman egindako ekitaldiak abiapuntu eta lerrokatze kolektibo gisa balio izan du. Bertan, proiektuaren esparru komuna partekatu da: herritarrak aktibatzeko beharra, Gipuzkoak dituen klima-erronka nagusiak eta prozesua gidatuko duen lan-metodologia. Saio honek eskualdez eskualde garatuko den fase parte-hartzaile bati hasiera eman dio.
Hemendik aurrera, BateraLabs eskualde bakoitzeko laborategi presentzialen bidez garatuko da. Espazio horiek herritarrei, gizarte-eragileei, tokiko sareei eta profil teknikoei irekita egongo dira. Bertan, klima-aldaketak ingurune hurbilean dituen eraginak landuko dira, hala nola energian, mugikortasunean, elikaduran, uraren kudeaketan, lurralde-antolamenduan, kontsumo-ohituretan edo erresilientzia komunitarioan..
Prozesua Gipuzkoa mailako itxiera-ekitaldi batekin amaituko da, bertan eskualdeetako laborategietan garatutako proposamenak aurkeztuz. Azkeneko topaketa honek ikaskuntzak partekatzeko, lurraldeen arteko sinergiak identifikatzeko eta herritarrek egindako lana publikoki bueltatzeko aukera emango du.