HUB ENERGIA TRANTSIZIOAZer da energia trantsizioa
Definizioa
Energia hornitzeko eredua aldatzea esan nahi du. Energia trantsizioarekin lortuko den eredu berriak karbono apalekoa izan behar du, ingurumenaren aldetik arrazionala, fidagarria eta ekonomikoki merkea. Epe ertain-luzerako pentsatutako trantsizioa da, eta eragile politiko, ekonomiko eta sozial guztien inplikazio eta konpromiso aktiboa eskatzen du, denboran jarraitua.
Europar Batasunak hainbat helburu ezarri zituen 2030erako (2020rako ere hainbat tarteko mugarri definituta), «Europarako Energia Batasuna» estrategiaren ildotik:
- %40 murriztea berotegi efektuko gasak, betiere 1990eko isuriak kontuan harturik.
- Energia iturri berriztagarrien %32ko partaidetza, azken energia kontsumoaren gainean.
- Energia efizientzia %32,5 hobetzea.
- Estatu kideen artean %15eko interkonexio elektrikoa lortzea.
Estrategia horren barruan, bost erronka nagusi identifikatzen dira:
- Karbonogabetzea (karbonotan neutroa den ekonomia 2050ean).
- Energia efizientzia.
- Energia segurtasuna.
- Energiaren barne merkatua eta ikerketa.
- Berrikuntza eta lehiakortasuna.
Estatu kide bakoitzak bere energia eta klima plana diseinatu eta ezarri behar du, Europar Batasunak definitutako helburuak hamar urteko epearen barruan lortzeko (2021-30). Plan horiek 2019aren amaieran onetsi behar ziren. Espainiaren kasuan, isurietan neutroa den eredu horretarantz egiteko 2050era bitartean, planaren zirriborroak honako helburu hauek markatzen ditu:
- %21 murriztea berotegi efektuko gasak, betiere 1990eko isuriak kontuan harturik.
- Energia iturri berriztagarrien %42ko partaidetza, azken energia kontsumoaren gainean.
- Energia iturri berriztagarrien %74ko partaidetza elektrizitate sorkuntzan.
- Energia efizientzia %39,6 hobetzea.
- Estatu kideen artean %15eko interkonexio elektrikoa lortzea.

Irudia: ikatz bidezko zentral termikoa, trantsizioan den egungo sistemaren erakusgarria.
Egungo eta etorkizuneko energia ereduenarteko aldeak
Oro har, egungo energia ereduaren ezaugarria da kontsumoa modu konstantean hazten dela, batez ere baliabide finituetan oinarri harturik (erregai fosilak), guztia ere ondorio larriak eta aurreikusi ezinezkoak eraginez planetako kliman, berotegi efektuko gasak etengabe isurtzearen ondorioz. Erregai horiek, gainera, hirugarren herrialdeetan egoten dira, eta erosi egin behar izaten zaizkie, haiek ezarritako prezio eta hornidura baldintzetan, gainera. Horrek bi arazo nabarmen sortzen ditu: batetik, energia mendekotasuna (%97koa, Euskadiren kasuan), eta, bestetik, ezegonkortasun geopolitikoa, baliabideok eragin politikoko elementu gisa erabiltzeagatik. Mendekotasun handi horren ondorioz, hauskor ageri zaigu gure eredu sozioekonomikoa, horniduraren kostuari eta ezegonkortasunari erreparatzen baldin badiogu.
Azkenik, oso kontuan hartu beharreko beste faktore bat: egungo energia eredua oso bidegabea eta elkartasunik gabea da. Izan ere, bazterturik uzten du munduko populazioaren zatirik handiena: %20 aberatsenek mundu zabaleko energia baliabideen %80 kontsumitzen dute. Hori horrela, eredu hori ezin da hedatu planeta osora, ez baitago guztiontzako adina baliabide fosil.

Irudia: energia kontsumo globalaren hazkunde joera, garabidean diren herrialdeen oparotasun ekonomiko handiagoko agertoki batean. Iturria: BP GLOBAL 2019.
Eredu jasanezin horren aurrean, etorkizun hurbilenean murriztu egin behar da ekonomiak erregai fosilekin duen mendekotasuna, eta, horren bitartez, berotegi efektuko gas isuriak ere bai. Hau da, gure ekonomia karbonoz gabetzea oinarri duen eredu bat lortu beharko litzateke 2050 horizonte gisa harturik, Europar Batasunaren kasuan.
Bi izango dira gako jarduketen ardatz nagusiak: batetik, energia eskaera (kontsumoa) eta, bestetik, energia bera sortzea. Hauexek dira, hain justu:
Energia efizientzia
Sektore guztietan energia murriztera bideratutako soluzioak –hala nola garraioan, bizitegi sektorean, eraikingintzan, zerbitzuetan eta abarretan–, bai eta erabilera guztietan ere –argiak, garraioa, aire girotzea, mugikortasuna eta abar–..

Irudia: energiaren azken kontsumoaren banaketa sektorez sektore EBn (28). Iturria: Eurostat, 2017
Energia berriztagarriak
Gero eta ezarpen handiagoa dute energia mixa karbonogabetzea ahalbidetzen duten teknologiak, hala nola eguzki energia fotovoltaikoa, eguzki energia termoelektrikoa, energia eolikoa, biomasa eta abar. Tokian tokiko baliabideak izaten dituzte oinarri (haizea, eguzkia...), eta, horri esker, murriztu egiten dute erregai fosilen ekonomiarekiko kanpo mendekotasuna, prezio eta hornidura arriskuak ere gutxituz. Oro har, teknologia horiek ez dute isurtzen karbono dioxidorik (CO2).

Irudia: turbina eolikoa itsasoan (offshore). Iturria: Pixabay.

Irudia: munduko energia kontsumoaren hazteko joera, energia trantsizio bizkorreko agertoki batean (isuriak murrizteko politikak sektore guztietan txertatuz). Iturria: BP GLOBAL 2019.
Karbono apaleko beste teknologia batzuk
Hala nola nuklearra, erregaiak ordeztea (esaterako, hidrogenoa), mugikortasun elektrikoa barneratzea, eta karbonoa biltzea, baliatzea eta biltegiratzea.
Egungo energia ereduarendesabantailak
Egungo energia eredua jasanezina da. Eredu garestia ez ezik ingumen inpaktu handikoa ere bada, eta, horretaz gainera, etengabe hazten den energia kontsumoa du ezaugarri. Etengabeko hazkunde horren ondorioz, energia eskuratzeko baliatzen diren lehengaien prezioa ere etengabe garestitzen da. Hori horrela, ekonomien lehiakortasunak ondorio larriak izaten ditu.
Prezioaren hazkunde jarraitu horrek etxeetako fakturetan ere izango du oihartzunik, ez enpresen eta industriaren fakturetan bakarrik, eta guztiak geratuko dira haiei aurre egin ezinik. Ondorioz, gobernuek ez dute aukera gisa ikusten egungo energia ereduari eusten jarraitzea, ikuspegi sozioekonomikoa aintzakotzat hartuta.
Gainera, ingurumenari erreparatzen badiogu, baliabide fosilen kontsumoa handitzeak areagotu egingo luke berotegi efektuko gasen isuria, baita kutsadura mailak ere, oro har.
Horrenbestez, erabakigarria da murriztea, batetik, ekonomiek erregai fosilekin duten mendekotasuna eta, bestetik, berotegi efektuko gasen isuriak, energia kontsumoa gutxituko duten soluzioen aldeko apustua eginez eta energia berriztagarrien erabilera sustatuz.
Energia trantsizioarenabantailak
Gipuzkoarako onurak
Gipuzkoak mendekotasun handia du atzerriarekin. Energia eredu berri bati esker, gure lurraldeak:
- Mendekotasun apalagoa izango luke energia inportazioekiko.
- Energiaren prezioek eragindako ekonomia urrakortasun txikiagoa izango luke.
- Energia efizientzia hobetuko luke.
- CO2 tona gutxiago isuriko luke.
- Aukera berriak sortuko lituzke eskualdeko enpresetarako.
- Bertako enplegua sortuko luke.
Enpresentzako onurak
Hauek izango lirateke lortu nahi denaren tankerako energia trantsizioaren abantaila ekonomiko nagusiak:
- Inpaktu positiboa industria biziberritzean.
- Enplegua sortzea.
- Negozio aukera berriak sortzea ETEentzat.
- Enpresen errentagarritasun handiagoa.
- Murrizketa nabarmena energiaren prezioan eta industria kostuetan.
- Lehiakortasuna areagotzea.
- Energia mendekotasun txikiagoa inportazioekiko, horrek eragiten duen kostu murrizketarekin.
- Energia efizientzia handiagoa.
- Energia gastu apalagoa etxeetan.
- Beste diru iturri bat gehiago landaguneetan, eredu honek eskatzen dituen instalazioek eraginda.
Ingurumen onurak
Ingurumenaren aldetik erreparatzen badiogu, energia berriztagarriak:
- Agorrezinak dira.
- Garbiak dira, eta ez dute sortzen tratamendu nekezik eta garestirik.
- Murriztu egiten dituzte CO2-a eta beste hainbat gas kutsakor, eta lagundu egiten dute klima aldaketaren kontrako borrokan.
- Airearen kalitatea hobetzen dute.
- Erkidegoen garapen jasangarria sustatzen dute.
Horren guztiaren ondorioz, klima inpaktua askoz ere txikiagoa da, eta lortu ahal izango dira administrazioek finkatutako helburuak, Parisko Hitzarmeneko helburuak betetze aldera.
Egungo sistema ekonomikoarentrabak
Energia trantsiziorako, beharrezkoa da inbertsio handiak egitea, gaur egun klima aldaketaren kontra egiteko gauzatzen ari den inbertsioaren osagarri gisa. Era berean, jasangarritasun irizpide handiagoekin harmonizatu behar da finantza sistema, eta beharrezkoa da kapital inbertsioak berresleitzea karbono apaleko soluzioei.
Finantza mugek uxatu egin ditzakete inbertsioak. Desblokeatu egin behar dira energia jasangarrian inbertitzeko ekarpen eskasa egiten duten finantzaketa iturriak; inbertsiogile instituzionalei partaidetza handiagoa emanez (hala nola pentsio funtsak, aseguru konpainiak...), baita erkidegoen oinarritutako finantzaketa sistemei ere, nazioarteko hainbat erakundek adierazten dutenari jarraikiz.
Behar denaren moduko energia trantsizio bat gerta dadin, onuragarria litzateke poliki-poliki erregai fosilei emandako laguntzak deuseztatzea, eta, hala, teknologia guztien arteko oreka lortzea.
Ekonomia zirkularra da energia trantsizioarekin gehien lotzen den eraldaketa sozialeko prozesua. Ekonomia zirkularreko prozesuak sustatzen laguntzen du, eta, aldi berean, ekonomia zirkularrak jasangarritasun gorenera bideratzen du energia trantsizioa.
Legegintzaren trabak
Beharrezkoa da arau esparru bat ezartzea, epe luzean bermeak eskainiko dizkiena alderdi guztiei, hemendik 2030era eta 2050era bitartean planteatutako helburuak definitzeko eta lortzeko.
Horretaz gainera, beharrezkoa da hainbat tresna politiko garatzea, inbertsioak errazteko eta traba ekonomiko horiek deuseztatzen laguntzeko. Horri gaineratu behar zaio premiazkoa dela autokontsumoa zigortuko ez duen erregulazio bat izatea, herritarrak ahaldunduko dituena –energetikoki hitz eginez–.
Era berean, administrazio prozeduren konplexutasunak geldiarazi egiten ditu proiektu eta ekimen asko eta asko; hori dela eta, beharrezkoa da prozesu arinagoak izatea.
Espainiak gaur egun badu lege proiektu bat, Gorteetara maiatzaren 19an helarazia: Klima aldaketaren eta energia trantsizioaren Lege Proiektua.
KLIMA ALDAKETAREN ETA ENERGIA TRANTSIZIOAREN LEGE PROIEKTUA
Herritarrak eta gizartea
Gizarteari dagokionez, energia trantsiziorantz aurrera egiteko planteatzen den lehendabiziko barrera nagusia zera da, informazio falta edo desinformazioa. Herritarrek, oro har, ez dute informazio garbirik gai honi dagokionez; terminoen zailtasunak eta gaiaren konplexutasunak eraginda, gizarteak ez ditu ulertzen energia trantsizioak ekarriko dituen onurak. Alderdi horri gaineratu behar zaio herritarren parte batek energia-pobretasuna bizi duela.
Bestalde, nabarmendu behar da ezinbestekoa dela trantsizio horretako parte izan nahi duten herritarren segurtasun juridikoa bermatzea, iraganean egindako akatsak saihestuz; izan ere, halakoek mesfidantza sortzen dute herritarren parte batengan, eta oztopo bilakatu dira trantsizio prozesua herritarren artean zabaltzeko.
Teknologia eta berrikuntza
Energia trantsizioak behar dituen berrikuntzak lortzeko, gobernuek, nazioarteko eragileek eta sektore pribatuek elkar hartu behar dute, batera eta modu koordinatuan jardun.
Erabakigarriak dira ikerketa, garapena eta frogapena trantsizio eraginkorra eta efikaza babesteko. Berrikuntza eta karbono apaleko teknologiak garaiz zabaltzea lagungarri litzateke haien eskuragarritasuna bermatzeko eta kostuak are gehiago murrizteko. Horrek eskatzen du gastu nabarmena egin behar dela, eta hori negozio eredu berriekin eta finantzaketa merkearekin bakarrik da posible.
Berrikuntza erabakigarria da aukera berriak garatzeko, baina inbertsioak behar dira. Traba hori oso garrantzitsua da, eta gainditu egin behar da, karbono neutraltasun desiratu hori lortuko bada.
Energia eta material trabak
Sektore elektrikoak eta energia sektoreak, oro har, jakin badakite zeinen egiteko erabakigarria duten energia trantsizioa lortzeko beharrezko helburuak lortzeko egitekoan. Hala eta guztiz ere, egungo sistemak berak hainbat erronka eta muga ageri ditu, eta horiek moteldu egiten dute aldaketa. Garrantzitsuen-garrantzitsuena da iturri ez berriztagarriek gaur egun ematen duten energia kantitate handia, bai eta eraikitako energia azpiegituren neurria ere.