COOKIE-N KONFIGURAZIOA

Webgune honek erabiltzaileek egiten duten erabilpenaren analisia egiteko eta erabilgarritasuna hobetzeko cookieak erabiltzen ditu, baita webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak ere.


Beharrezko cookieak

Cookie propioak dira, webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak izanik beti gordetzen dira.

informazio +



Analitikarako cookieak

Hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu webgunearen erabilpenaren analisia egiteko. Informazio modu anonimoan jasotzen da. Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak ez direnez hauek ez onartzea hautatu dezakezu.

informazio +



Publizitaterako cookieak

Egoitzaren kokapen-mapa azaltzeko Google Maps erabiltzen dugu. Bere erabilpenak zenbait cookie sortzen ditu, zure interesekin bat egiten duten edukiak erakusteko erabiltzen direnak.

informazio +



Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

    

GK Recycling Erreportajea: ALGALOOP

Enpresaren aurkezpen laburra (jarduera, kokapena...):

Algaloop mikroalgak ekoizteko akuikultura-enpresa bat da, baliabideak eta sortutako hondakinak modu efizientean erabiltzea xede duen bioekonomia zirkularreko eredu batean oinarrituta dagoena.

Asteasu herrian gaude, Gipuzkoan, bigarren eskuko berotegi batzuetan. Aurrez tomate-labore hidroponikoetara bideratu ziren instalazio horiek, eta aurten mikroalgak maila industrialean ekoizteko instalazio bihurtzen ari gara.

Helburua da datozen urteetan mikroalgak ekoizteko instalazioaren eredu hori probatzea, erabiltzen ez diren, abandonatuta dauden edo errendimendu baxua duten berotegietan gerora aplikatzeko, enpresaren hazkunde-eredu jasangarri bat planteatzeko.

Nola eta noiz sortu zen proiektua? Zerk bultzatu zintuzten zuen jarduera ekonomia zirkularrerantz orientatzera?

2020ko apirilaren 4an, pandemia betean, hilabeteetan zehar buruan bueltaka ibili zitzaidan ideia bat baloratzen hasi nintzen. Elementu berritzailea iruditzen zitzaidan, garai hartan kide batzuekin batera sortutako akuaponia-proiektuan txertatzeko modukoa.

Egun horretatik aurrera, ideia hori nire herrian ikusten nituen berotegi abandonatuei bigarren bizitza emateko aukera gisa orientatu nuen, hau da, ekoizpen-eredu honen garapena negozio-ideia gisa baloratu nuen, eta are zentzu eta garrantzi handiagoa hartu zituen hilabete haietan bizi genuen egoera sozioekonomiko kritikoa kontuan hartuta.

Harrezkero, helburua izan zen mikroalgen ekoizpenean oinarritutako negozio-eredua negozio berde berri bat bihur ote zitekeen aztertzea, Oiartzunen (nire herriaren) gisako herrietan landa-ekonomiari jarduera berri bat ekarriko ziona; izan ere, herri horietan begi-bistakoa zen lehen sektorean belaunaldi-errelebo bat egoteko zailtasuna.

 Zein motatako produktuak egiten dituzue erabiltzen duzuen lehengaitik abiatuta?

Lortutako alga-biomasatik abiatuta, produktu nutrazeutikoak garatzen ditugu, formatu izoztuan eta freskoan prozesatuak, eta horiekin balio bereizgarria eman nahi zaio hurbileko ekoizpenari.

Produktu hauek oso nutrizio-balio handia dute, uztaren ondoren ia prozesatzen ez direlako, eta prozesatze hain sotil horri esker bioaktibitate handia eta ezaugarri organoleptiko oso onak dituen produktu bat lortzen da. Horrela geure zaporea lortzen dugu, atseginagoa dena elikadura-produktuetako osagai gisa eta jatetxe-arloan erabiltzeko.

Tenperatura baxuan deshidratatutako produktuak ere garatzen ditugu, 45 ºC-ak gainditu gabe, eta fideo kurruskari, fideo konprimatu eta fideo-hauts formatuetan saltzen ditugu.

Konposatu bioaktiboen aterakinei dagokienez, espirulinaren landare-proteinen eta pigmentu antioxidatzaileen –esaterako, fikozianinaren edo polifenolen– gisako bioproduktuak eskaintzeko lanean ari gara. Gainera, nekazaritzako bioestimulatzaileen ekoizpenean dibertsifikatu dugu, formula propioarekin garatutako bioestimulatzaile likidoak garatuz, nekazaritzarako onura handiak dituzten L-aminoazidoen % 9tik gorako ehunekoa dutenak.

Gaur egun, halaber, espirulinazko eta fikozianinazko mikrokapsulatuak garatzen ari gara elikadura-industriarako, bai eta mikropelletak ere otarrainxkak akuikulturan hazteko.

Zein da zuen erakundearen balioa ekonomia zirkularreko proiektu gisa? Eta zein da zuen erakundearen ingurumen- eta gizarte-balioa?

Proiektu hau ikuspegi zirkular batetik abiatzen da oinarritik bertatik; izan ere, erabiltzen ez diren, bertan behera utzita dauden edo errendimendu txikia duten nekazaritza-instalazioak akuikultura-sektore batean –mikroalga-ekoizpenarenean– berrerabiltzean oinarritzen da.

Bestalde, mikroalgek CO2-aren hustuleku biologiko gisa jarduten dute planetako ur-masetan, kilogramo bat mikroalga-biomasa ekoizteko bi kilo CO2 behar baitira. Algaloop-en, mikroalga horiek sistema intentsiboetan sartzen ditugu, haien deskarbonizazio-gaitasuna handitzeko. Eta mikroorganismo horien berezko ezaugarri horren ondorioz, gure helburuetako bat da mikroalgak CO2-aren biofinkapenerako zerbitzu gisa eskaintzea karbono-aztarna murriztu nahi duten enpresei.

Hori egiteko gai garela frogatzeko, hainbat pilotu ezartzen ari gara Euskadiko enpresekin, haien instalazioetan CO2-aren deskarbonizazio-sistemak instalatzeko gas-irteeretara konektatutako mikroalgen labore-sistemen bidez.

Gainera, beharrezko urratsak egiten ari gara sinbiosi industrialaren eredu bat garatzeko. Eredu horren bitartez, gure berotegien alboan kokatutako enpresek askatutako CO2 mikroalgak landatzeko gure labore-sistemetan injektatu nahi dugu.

Negozio errentagarriaren adibide bat gara, nekazarientzat dibertsifikazio-aukera bat izan daitekeena haien laboreen epe laburragoko errentagarritasuna lortzeko; izan ere, mikroalgak –mikroorganismoak izaki– astean hiru egunetan ereiten dira urtean 10 hilabetez, eta alga-biomasa edo alga-aterakinak dibertsifikatzeko aukera eskaintzen dute zenbait sektoretan, hala nola elikagai-gehigarrien, kosmetika naturalaren edo nekazaritzako bioestimulatzaileen sektoreetan.

Azkenik, konposatu bioaktiboak erauzteko prozesuaren barruan, zero hondakin lortzen saiatzen gara, eta, beraz, biokonposatuak erauzteko prozesuaren ondoriozko hondar-biomasa lehengai gisa balorizatzen dugu ehunetarako, automoziorako eta packaging-erako biomaterialak ekoizteko.

Zenbaterainoko garrantzia du I+G+b alderdiak zuen erakundean?

Oso garrantzitsua da, hasieratik jakin dugulako laboreak Euskadin kokatzeko erabakiak desabantaila dakarrela, bertako baldintza klimatologikoak ez baitira egokienak mikroalgak hazteko eta, horren ondorioz, produktibitatearen ikuspegitik ezin baita lehiatu –hazkunde-tasei eta efizientziari dagokienez– leku beroago eta eguzkitsuagoekin (Andaluzia, Levante...).

Klimak ezarritako muga horrek prozesu berritzaileak garatzeko inbertsioa egitera behartzen gaitu, gure ekoizpena errentagarriagoa izan dadin kostuei dagokienez, bai eta merkatuan gure bioproduktuen balorizazioa handitzera ere, aterakinak salduz.

Lehiatzeko abantaila hori lortzeko, 2021ean enpresa sortu zenetik aurrera egiten ari da biofindegi-prozesuen digitalizazio-, automatizazio- eta aplikazio-prozesuetan. Helburua da mikroalgen ekoizpenaren balio-katea osatzen duten prozesuetan efizienteagoak izatera iristea, baita baliabide biologikoen, energia-baliabideen eta giza baliabideen erabileran ere.

Zein izan dira urte hauetako zuen lorpen nagusiak?

Hasiera batean, mugarri garrantzitsuena mikroalgen ekoizpenean oinarritutako negozio-eredu bioteknologiko bat planteatzea izan zen, Bic Gipuzkoa Berrilanek Ekintzaile laguntza-deialdian saritu zuena. Inkubazioari esker, negozio-eredua hobeto garatu ahal izan genuen, eta, jasotako diruarekin izandako kanpo-aholkularitzari esker, ondorioztatu ahal izan genuen Euskadin ekoiztea errentagarria zela teknikoki eta ekonomikoki. Bultzada handia izan zen, halaber, Naturklima saria irabaztea; izan ere, funtsezko laguntza ekonomikoa eman zigun enpresaren jarduera abiarazteko eta proiektua negozio-ereduaren zirkulartasun-kontzeptuetan azeleratzeko.

Bestalde, gure berotegiak erostea urrats oso garrantzitsua izan zen mikroalga-ekoizle izateko gure helburura hurbiltzeko.

Gure instalazioak erosi ondoren, administrazioaren hainbat dirulaguntza-deialdiren laguntzarekin lortutako aurrerapenek gaitasun handiagoa eman digute gure negozio-eredua prozesuen eta berrikuntzaren arloan probatzeko, baita bioproduktuen balorizazioaren arloan ere, konposatu bioaktiboak erauziz. Halaber, produktuen katalogo bat garatzea lortu dugu, gastronomiaren eta sukaldaritzaren arloko chef eta erakunde liderren –hala nola Basque Culinary Center eta Basque Food Lab-en– eskutik egindako produktuen garapenari esker.

Zuen ustez zer behar da ekonomia zirkularra sendotu dadin oro har, eta, bereziki, Gipuzkoan?

Batez ere, denbora behar da hura asimilatzeko eta modernizatzeko, baita lurralde gisa dugun hazkunde-ereduaren ikuspegi bateratua zirkulartasunerantz eraikitzea ere, gure prozesuak berrantolatzearen eta haien gidalerroak asimilatzearen aldeko apustua eginez probintziako gizarte- eta ekonomia-jardueraren alderdi desberdinetan.

Gipuzkoan, zehazki, arlo desberdinetako eta izaera desberdineko erakustaldi-ereduak bultzatzeko, aplikatzeko eta elkarren artean konektatu ahal izateko apustua egingo nuke, denborarekin sare-gisako eredu partikularrak eta lurraldean errotuak diseinatu ahal izan daitezen, Gipuzkoako gizarteak dituen baliabideen zirkulartasun erreal eta aplikagarria ahalbidetuko dutenak.