•
David Zabala, Naturklimako zuzendari berria
Naturklima, Aldaketa Klimatikoaren Gipuzkoako Fundazioak, bere zuzendari berria, David Zabala aurkeztu du, 28 urteko donostiarra, Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan graduatua Deustuko Unibertsitatean eta ekonomia zirkularraren arloan esperientzia profesional handia duena.
David Zabalak, bi master ditu Zabalak, bata Enpresa eta Marken Zuzendaritzan eta bestea Marketin Digitalean; biak ESDEN Business School-en. Ibilbide profesional nabarmena du ekonomia zirkularraren esparruan. 2014az geroztik, Eko-RECen lan egin du, lehenbizi finantza-arloan, eta, ondoren, I+G eta Negozio Garapenean, birziklapenarekin, ehungintza iraunkorrarekin eta ekonomia zirkularrarekin lotutako hainbat proiektu garatuz. EKOMODO izan da bere proiektu azpimagarriena, ekonomia zirkularreko ekimen barne-ekintzailea, 2018an sortua Eko-RECen barruan, eta 2019. urtearen amaieran enpresa bihurtu zena. Enpresa horretako bazkide sortzailea eta CEO izan da David Zabala.
José Ignacio Asensio Ingurumeko diputatuak jarraitzen du fundazioaren ordezkari nagusia izaten eta Zabala izango da zuzendaria. Naturklimak hiru jarduera-ardatz ditu: Lurraren berotze globalak lurraldean duen eragina neurtzeko eta aztertzeko behatoki bat sortzea, Ekonomia Zirkularra sustatzea, birziklatze-industria eta ekonomia berdea sustatuz, eta energia-trantsizioa, energia berriztagarriak sustatuz.
Zuzendari berria izendatzeaz gain, Naturklimaren taldea osatzeko, Mikel Orive hasi da lanean, Fundazioaren Behatokiko teknikari lanetan arituko dena. Orive ingurumen-ingeniaria da, eta bere ibilbide profesionalaren zati handi bat AZTIn egin du, Elikagaiak Ikertzeko Unitateko prozesu eraginkor eta jasangarrien arloko ikertzaile gisa.
Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatu eta Fundazioko presidenteak azpimarratu duenez, “gure lurraldeak plan estrategiko bat garatu behar du etorkizuneko Gipuzkoa egungoa ez bezalakoa izan dadin, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz, egungo energia-mendekotasuna murriztuz eta energia berriztagarrien alde eginez”. Halaber, foru-arduradunak gogorarazi du, ingurumenean eta ekonomian duen eraginagatik, “klima-aldaketaren aurkako borroka izango dela datozen hamar urteetan Gipuzkoak izango duen erronka nagusia, eta beharrezkoa dela proaktiboak izatea eta plan eta baliabide egokiak izatea”.
Aldaketa Klimatikoaren Gipuzkoako Fundazioaren helburua da Gipuzkoatik erantzun eraginkorrak ematea aurre egin behar diogun ingurumen-erronka nagusiari, bai tokian tokikoari bai globalari, tokiko administrazioen eskumenen, sare sozioekonomikoaren ahalmenen eta herritarrekiko elkarrekintzaren ikuspegitik. Testuinguru horretan, Naturklimak tresnak garatzen ditu berotze globalak lurraldeko ekosistemetan izango duen intzidentzia, haren eraginak prebenitu eta arintzeko jarduera-lehentasunak eta Gipuzkoak garapen jasangarriagorako bidean aurrera egiteko estrategiak ezartzeko. Horretarako, Fundazioak Gipuzkoako gizartearen inplikazioa areagotzeko lan egiten du, lankidetza publiko pribatua sustatuz, enpresen, unibertsitateen, administrazioen, zentro teknologikoen eta lurraldeko gainerako eragile sozialen arteko lankidetza sustatuz.